Zubikoa Management ZUBIKOA MANAGEMENT
Bâtiment Orma, Z.A Lizardia
64310 SENPERE
Tel: +33 559 480 336
Fax: +33 559 480 338
E-mail:
Pantxoa ta PeioPantxoa ta Peio
Pantxoa ta Peio lapurtarren abestiak Euskal Herriko memoriaren zati dira. 70eko hamarkada zail hartan abertzaleen ahots eta bihotz izan ziren. Gaur egun, abertzaleen erreferentzia dira oraindik ere. Estilo propioa eta berezkoa izan dute.
Beren abestiek eta garaikideago diren beste batzuenek kantua eta kantuaren gaiak betiereko bihurtu dituzte.
Abesti herrikoiek badute berezitasun bat: herria bizirik eta esna mantentzen dute eta, era berean, bizitzaren transmisio dira.
Biografia

Kantuek, bizitza honetako tristurak eta gordinkeriak ahaztu ahal izateko balio dutela diote. Bizitzaren xamurtasunak eta pozak gogora ekartzen dizkiguten abestiek atsekabeak alde batera behartzen dituzte; kantuaren bitartez, aurrera jarraitzeko kemena jasotzen dugularik, une batez handi eta indartsu sentitzen gara, herri milenari bat zoriontasunaren mugan pausaturik.

Peio Ospital (Ezpeleta-1948) eta Pantxoa Carrère (Azkain-1948) kantariek anitzetan sentiarazi gaituzte modu horretan. Errepertorio herrikoia garaikidearekin nahastuz, aspaldiko bertso zein koplak idazle modernoen olerkariekin aurkeztuz, gure iragana eta oraina batu eta egin dituzte. Gisa-sentipenak, azken finean, modu eta intentsitate berdintsuan azaldu bait dira denbora eta kultura guztietako musika herrikoietan: maitasuna eta haren oroimena den melankolia, herria eta horren gabezia den nostalgia, familia eta horren urruntasuna den tristezia, zoriona eta horren beharra den itxaropena.

Lapurdi, Iparraldeko lurraldeetatik, itsasora zabaltzen den bakarra izanik, jende askoren pasabide garrantzitsua izan da: Ameriketatik Europara zetozen merkatalari eta tratulari askoren lehen xedea, Ameriketara akarozko etorkizun papur baten bila joandako euskaldun askoren azken lehorra, azken irudia; hantxe abandonatu zituzten maitasuna eta bizitza, Lapurdin lurperaturik utzi zituzten bihotza. Historian zehar, asko izan dira Lapurdiri buruz mintzatu diren bertsolari, kantagile eta koblariak, musikan eta olerkian gordetzen bait dira, modurik xamurrenean, oroimena eta itxaropena.

"Lapurtar koblariak" deritzan disko hau, Lapurdiko herriari lapurtar bikoteak eskaintzen dion omenaldia duzu, lurralde ederra bait da benetan, eskuzabala, kantu gozagarri eta fresko askoren inspiratzailea. Bide batez, zenbait olerkari herrikoi ere aurkezten zaigu, duela bi mendeko zein garaikide izanik, denek arima bera islatzen dute, alegia, gure lurra eta herriarekiko maitasun sutsua: Manex Pagola, Martin Arrupe, Piarres Ithurralde, Gratien Adema "Zaldubi", Ganix Halsouet, Josep Mendiague,... Batzuk ezagunak eta besteren bat arrotz, idazkera molde laket bezain aberatsean emanik, sentsibilitate dohain handiak erabiltzen dituzte koblariok herriarenak diren irudi lirikoak eta sentipen koloretsuak herriari berari eskaintzeko.

Musika moldaketak sinpleak bezain eraginkorrak dira (Mixel Ducau), zapore handikoak, diskoaren osotasunari herrikoitasuna ez ezik sinesgarritasun handia ere ematen bait diote. Pantxoa ta Peio-ren interpretazioa, azkenik, urre naturala duzu, kantatzen dituzten kobla horiek bezain hurbila, beroa eta egiazkoa. Iduriz, Pantxoa ta Peio-k, disko honetan aspaldiko arrastoa eta estiloa errekuperatu dutela: kantu herrikoiaren sobrietate oparoa, bihotzik zintzoena, nortasunik jatorrizkoena.

Pantxoa ta Peio beti aktualak dira, beren kantuak gure herri oroimenean bizirik gordetzen dira belaunaldien gainetik eta euskal jendearen itxaropenezko suziria pizturik mantenduz, une batez besterik ez bada, oraingoan ere aske, iraunkor eta zoriontsu sentiarazten gaituzte.

Multimedia



" Bake mina"
Diskografia

Beste Bat
"Beste Bat"
Agorila
2009
Lurra eta Maitasuna
"Lurra eta Maitasuna"
Elkar
2006
Lapurtar Koblariak
"Lapurtar Koblariak"
Elkar
2002
Oles ta Oles
"Oles ta Oles"
Elkar
1997
1969-1991
"1969-1991"
Elkar
1991
Eguzkiaren Musu
"Eguzkiaren Musu"
Elkar
1990
Bakezko Besarkada Batean
"Bakezko
Besarkada Batean"
Elkar
1981
Bai Euskarari
"Bai Euskarari"
Elkar
1980
Euskalduna naiz eta ...
"Euskalduna naiz eta ..."
Elkar
1978
Peio Ospital eta Pantxoa Carrere
"Peio Ospital eta
Pantxoa Carrere"
Elkar
1975
   
Agenda

2010
06/29 : Mungia (23:00)
06/30 : Eskoriatza (Gorosarri plaza - 22:30)
08/22 : Itsasu (Herriko plazan - 17:30)
08/29 : Larresorro
09/11 : Hondarribia
10/29 : Donibane Lohitzun (Elizan)

2011
01/23 : Beskoitze
03/12 : Bergara (Polikiroldegian)
05/14 : Muskiz (Meatzari Aretoa - 20:00)
05/21 : Ea (Herriko Plaza)
05/29 : Ondarroa (Ibilaldia)
06/12 : Zamudio (Herriko Plaza)
06/24 : Andoain (Herriko Plaza)
07/09 : Gernika
07/24 : Otxandio (Herriko Plaza)
08/05 : Gasteiz (Matxete plaza)
08/07 : Deba / Itziar (Frontoia)
08/21 : Paube / Pau ("Hestivo" Festibala)
09/03 : Urruña (Herriko Pilota Plaza)
09/12 : Bermeo
10/02 : Azpeitia (Kilometroak)
10/22 : Hazparne (Mendeala)
11/05 : Ondarroa (Kafe Antzokia - 20:00)
11/11 : Donibane Lohitzun (Elizan - 21:00)